Ignazio:
Ongi etorri Loiolatarron etxera, nire etxera!!!
Arnasa. Nire familiaren etxean sartuko gara, eta elkarrekin ezagutuko dugu nire historia. Familia noble batean jaiotako pertsona baten historia, heldutan bizia galtzeko zorian egon zena ezbehar batengatik. Gertaera haren ondoren eta, batez ere, etxe honetan igaro nuen susperraldian, erabateko aldaketa gertatu zen nigan. Baina, barka iezadazue, neure burua aurkeztu gabe hasi naiz eta hitz egiten: Iñigo Loiolakoa naiz, horixe da nire izena, nahiz eta orain Ignazio Loiolakoa izenaz ezagunagoa naizen. Izena aldatzeaz gain, bizitzaren norabidea ere aldatu zen nire bizitzan. Eta etxe honetan gertatu zen hori. Gorteko zaldun izateko asmoa nuen, baina erromes bihurtu nintzen Jainkoaren bila.
Bi garai historikoren artean bizi izan nintzen, orain Erdi Aroa eta Errenazimentua esaten zaien garaian, eta garai hartako aldaketa sozialak eta erlijiosoak oso ageriko egon ziren nire bizitzan eta nire obran.
Bai, etxe honetan hasi nuen bidea. Bide fisiko eta espirituala, eta, bide horretan zailtasunak izan banituen ere, ez ziren oztopo izan nire helburutik desbideratzeko.
Off-eko ahotsa:
Loiolatarren etxea izan zen Erdi Aroko dorretxe hau. Lau solairu ditu. Bisita honetan bertako gelak eta aretoak ikusiko dituzu. Hementxe jaio zen Iñigo Loiolakoa, familia noble bateko seme gazteena, hementxe eman zituen lehen pausoak, eta hementxe entzun, ikasi, sufritu eta jaioberritu zen.
Azken solairua da etxearen bihotza: Konbertsioaren kapera. Iñigo Loiolakoak hantxe erabaki zuen gorteko plazer guztiak zituen zaldun galantearen bizitza aldatzea, eta besteak zerbitzatzeko bizitzari ekitea eta, horregatik, aintza guztia Jainkoari eskaintzea.
Bisitaldian, audio-puntu zenbakituak topatuko dituzu, etxean zehar gidatuko zaituztenak.
Orain tonadilla bat entzungo duzu, San Ignazioren martxa. Hori entzuten duzun bakoitzean, audio-puntua amaitu dela esan nahi du.
FIN: (tonadilla de la marcha de San Ignacio)
Emakume-ahotsa:
Iñigo, ez zaizu zentzua etorriko eta ez zara eskarmentatuko hanka bat hausten dizuten arte!
Ignazio:
Mutikotan egiten nituen bihurrikeriengatik, izebak sarritan esaten zidan esaldi hori eta, askotan gertatzen den bezala, bete-betean asmatu zuen!!! Eta halaxe gertatu zitzaidan Iruñeko hirian.
Nire bizitza betiko aldatuko zuen gertaera tragiko haren ondorioak irudikatzen ditu eskultura honek. Ni, Iñigo, 30 urte nituela, larri zauritu ninduten Iruñeko gazteluaren defentsan 1521eko maiatzean. Hementxe nago, nire etxeko ateetara ohatilan iristen, heriotza hurbil nuelako uste osoarekin. Etxera nator… hiltzera?
Off-eko ahotsa:
Iñigo gaztea, ile hori luze eta zaindua zeukan mutil hura, Erdi Aroko kulturan hezi zuten, armen balioaren eta administraziora eta negozioetara bideratutako kulturaren ohorearen artean. Nobleziaren mundua zen, eta –adorez eta ohorez– lortzen ziren aberastasuna eta estatus boteretsua gizarte-hierarkia zurrun hartan. Iñigoren adorea agerian geratu zen, batez ere, Iruñeko gotorlekuaren setioan.
Bere ustez ohoreak lortzeko aukera zena guztiz kontrako bihurtu zen, Iñigok ia bere bizia eman baitzuen aldez aurretik galduta zegoen borroka hartan. Dena alderantziz atera zitzaion.
Iñigo zauritua, nekatua eta azkenetan iritsi zen Loiolara. Burutik pasa ere ez zitzaion egin zenbateraino aldatuko zen bere bizitza!
Etxean sartzeko, arku zorrotza duen ate batetik igaro behar dugu, eta haren gainean Loiolatarren armarria ikus dezakegu. Armarrian otso bana ageri dira pertz baten bi aldeetan. Ikuspegi heraldikotik begiratuta, boterea da armarriak transmititzen duen ideia, familiak lurretan eta pertsonetan duen aberastasuna adierazten baitu.
Bestalde, “lokatza” edo “lokatz-gunea” esan nahi du Loiola deiturak, etxearen orubearen kokalekuarekin bat, errekasto batetik gertu baitago.
Handik urte batzuetara, armarria eraldatu eta Oinaztarren sinboloak gehitu zizkion Iñigoren anaiak.
FIN: tonadilla de la marcha de San Ignacio
Visitante:
Pom, pom, pom!! (ruido de aporreo de una puerta)
Sirviente y ambientación de fondo:
Nor da? Oinaztarra ala ganboatarra?
(se oye el ruido de una puerta antigua y pesada abrirse)
Iñigo:
Konpainia dugu gaur!
Nire arbasoen garaia oso nahasia izan zela kontatu didate. Gizarte hierarkizatua zen, eta liskar eta borroka ugari izaten zituzten botereagatik eta lurraldearen eta bertako jendearen gaineko kontrolagatik.
Gipuzkoaren kasuan, lurraren jabeak zeuden borroka haren buruan. Bi bando zeuden aurrez aurre liskar hartan: Oinaztarrak eta Ganboatarrak.
Lotura pertsonalak edo familia-loturak zituzten familiak zeuden bi bando haietan, ahaide nagusiak deiturikoak. Eta Loiolatarrak halaxe gara.
Nire aitonaren garaian, bandokideen arteko oreka hura arriskuan jarri zuen etsai komun batek, eta, ondorioz, Oinaztarrek eta Ganboatarrek alde batera utzi zituzten euren arteko desberdintasunak, eta elkar hartu zuten etsai haren aurka borrokatzeko.
Hiribilduek, burgoek, osatzen zuten etsai boteretsu hura, errege-botereak lagunduta. Gero eta handiagoa zen haren eragin-eremua, bai eta lurraren beharra ere. Horrek zuzeneko lehia zekarren, eta nabarmen murriztuko zituen gure errentak eta diru-sarrerak.
Ikusten dugunez… egiazko erronka izan zen hiribilduen jaiotza… eta nire aitonak eta ahaideek erbestean bukatu zuten! Eta dorretxeak suntsituak, baita hau ere… hain sendoa izanda!… suak erre zuen!
Etxe hau gotorlekua izan zen, bai, eta gure etsaiengandik babestu gintuen. Baina, batez ere, Loiolatarron boterearen sinboloa da, errentetan, gizonetan, ohorean “balio handiagoa” izan behar duen gure familia honen sinboloa, horixe baita gure armarriak irudikatzen duena.
FIN: (tonadilla de la marcha de San Ignacio)
Iñigo:
Ummm zer usain gozoa!! (sukaldeko zarata: su-krepita, zaratak…) zer usain gozoa daukan erregosiak! Ardikia da ala basurdekia? Oso gozoa egongo zen tomate pixka batekin edo patata batzuekin. Baina… zer esaten ari naiz? Ni jaio nintzenean, 1491n, Kolon oraindik ez zen eta Ameriketara iritsi. Gertaerak aurreratzen ari gara!
Emakumea:
Kontuz ibili! Ez zaitez erre! Hobe iluntzen duenean etortzen bazara! Sutondoan esertzen gara aulki karrankari txiki batzuetan. Eta denak elkarrekin hitz egiten dugu gure familia handiari eta ibarrari buruz, baita lurralde berri batetik iristen zaizkigun albisteez, iraganeko borrokez eta familiako seme zaharrenak urrutiko herrialdeetan bizitzen ari diren abenturez ere. Ezkontza onak egin zituzten alabek! eta beren familiekin bizi dira hemendik oso gertu. Askotan izaten ditugu haien notizia freskoak.
Eta… etorkizunaz ere hitz egiten dugu!…
Ignazio:
Gogoan dut sukalde hau, bere ke-usain bereziarekin. Egurraren kea, eltzeen azpian, suburu handi honek xurgatzen zuena.
Sukalde honetan egin nituen lehen urratsak eta hementxe jaso nituen nire lehen irakaspenak. Horma hauen artean ikasi nuen zer den pertsona zintzoa izatea. Emandako hitzaren balioa, ohorea, giza balioak eta kristauen balioak. Hementxe eraiki nuen nire nortasuna, nire Loiolatar herentzia, bizitza osoan zehar gidatu ninduena.
Trantsizio-garaia bizi izan nuen. Ohorearen eta odolaren printzipioak heredatu nituen Erdi Arotik, eta ikasketek eta pertsonen prestakuntzak zuten garrantzia barneratu nuen gero.
Loiolaren ondoren, Manresan egin nuen egonaldian eskale gisa bizi izan nintzen, eta haitzulo batera erretiratzen nintzen otoitz egitera. Nire ustetan santuak bizi ziren bezala bizi nahi nuen nik ere. Barau gogor eta luzeekin zigortu nuen nire gorputza, eta horrek ahuldu egin zuen nire osasuna. Handik aurrera, urdaileko mina bizitza osoan izan nuen lagun.
Nire azken egunetan, Erromako nire logelan, heriotza hurbil ikusita, nire lagunek zer ekarriko eta…, gaztaina erreak!! hura bai banketea! Gaztaina haien zaporeak eta usainak sukalde honetara ekarri ninduten, nire etxera, azken aldiz! (gaztainen krepitatzea)
FIN: tonadilla de la marcha de San Ignacio
Ignazio:
Hamahirugarren seme-alaba izan nintzen, gazteena. Nire familian, gizonezkoei “Eliza, itsasoa edo errege-etxea” esaten ziguten beti. Etorkizunerako hiru proposamen, jaio ginen ordenaren arabera definituak. Anaia zaharrenak erraza zuen. Tradizioz, bera zen oinordeko bakarra. Hau da, etxea, lurrak, jabetzak… hark heredatuko zuen guztia. Baina nik… gazteenak… 13 seme-alabetan azkenak, zertan jardungo nuen nik?
Paretan marraztutako itsasontzi honek ematen du nire anaiek izan zituzten zereginetako batzuen testigantza. Seme nagusia, familiaren oinordekoa, ontziratu eta hil egin zen. Maiorazkoa anaia Martini pasatu zitzaion, bigarrenari. Beste anaia batek gerran egin zuen borroka Napolin. Pedro, seigarrena, apaiza izan zen. Nire arrebek, berriz, ezkontzean, etxetik alde egin zuten.
Hala ere, nire bizitza ere sinbolizatzen du itsasontziak! nire bizitza ere bidaia baita. Etxe honetan hasi eta 1556an Erroman amaitu zen bidaia. Arévalon, Gortean, zaldun manerekin hezi nintzen, eta kaligrafia eta administrazioa ikasi nituen. Iruñean ia hil egin nintzen. Gero Montserraten, Manresan, Bartzelonan, Venezian, Jerusalemen, Alcalá de Henaresen, Salamancan, Parisen eta Erroman egon nintzen. Ufff! Oinez egin nituen ibilbide gehienak, Jainkoaren probidentziari esker. Bidaia haien arrazoia askotarikoa izan zen, batzuetan akademikoki prestatzeko eta besteetan espiritualki prestatzeko. Eta inoiz ez banintzen izan ere Ekialde Urrunean edo Amerika aurkitu berrian, nire obra, Jesusen Lagundia, mundu osoan zabaldu zen nire ordenako kideei eta jarraitzaileei esker. Bokazio unibertsalarekin jaio zen Jesusen Lagundia.
Lehen geldialdia Arévalon izan zen. Juan Velázquez de Cuéllar Gaztelako erresumako kontulari nagusiak eta haren emazte María Velascok, gure senitartekoa baitzen, beren tutoretzapean hartu ninduten Arévalon. Ni, Errege Katolikoen gortean! Zorte handia izan nuen! nire patuaren jabe izateko aukera zabaldu baitzitzaidan aurrean. Lagunak egin nituen, eta etsaiak ere bai. Etorkizun oparoa nuen aurrean, baina bizitzak une latzak ere bazeuzkan niretzat gordeak.
15 urte nituela iritsi nintzen Arévalora, Ávilan. Han paje gisa aritu nintzen eta gero gorteko aitoren seme gazte gisa. Arévalon eman nituen urteetan zaldun batek jakin behar zuena ikasi nuen arian-arian. Dantzan, kantuan, dueluan borrokatzen, irakurtzen eta idazten ikasi nuen… gaztelaniaz idazten. Asko gustatzen zitzaidan bihuela entzutea eta jotzea, gitarraren antzeko musika-tresna. Entzun dezagun doinu eder hau!
Antxieta jaunaren musika…
Zalduntza-liburuek, halakoen zalea bainintzen oso, abenturez eta balentriez bete zidaten burua, ohorea eskuratzeko eta, agian, damaren baten maitasuna lortzeko ametsetan. Istilu bat baino gehiagotan sartu ninduten harrokeriak eta nire gaztetasunak. Nire posizioko edozein gaztek bezala, nik ere egin nituen nire bihurrikeriak.
Oso ondo bizi nintzen Gaztelako gortean, baina nire babeslea hil eta haren familia zoritxarrak hartu zuenean, zalantzazko etorkizuna nuen aurrean. Nire babeslearen familiak gomendatuta, Antonio Manrique de Lara Naiarako duke eta Nafarroako erregeordearen aitoren seme izatera pasa nintzen. Ahaidetasun-harremana genuen, nire familiako lehengo Oinaztarrekin lotura baitzuen hark.
FIN: (tonadilla de la marcha de San Ignacio)
Gerrako soinuak: kanoikadak, oihuak, ezpata-talka…
1521ean, Frantziako eta Nafarroako tropak Nafarroako erresuma berreskuratzen saiatu ziren Iruña hartuta. Ni nire jaunaren zerbitzura nengoen, hiriaren defendatzaileen artean, eta gaztelarrak eta nafarrak ere bai. Etsaiak ugari ziren eta gu, berriz, gutxi. Gaztelua besterik ez zitzaigun geratzen defendatzeko. Borroka galdua zen hura. Hala ere, ohorearen eromenak eta leialtasunaren eromenak, haiek bainituen gidari, ez zidaten amore ematen utzi. Ohore-ametsa; eskuineko zangoa txikitu zidan kanoikadak zapuztu zuen ametsa. Ezkerrekoa ere zaurituta geratu nintzen. Errenditu egin zen gotorlekua.
Nire lagunak, eta etsaiak ere, saiatu ziren ni sendatzen, baina makal eta ahul geratu nintzen. Ahal zutena egin zuten behintzat!
Ohatila batean ekarri ninduten nire etxera, hilko nintzelakoan. Hemen nire familia nuen zain. Eriondo gogorreko hilabeteak izan ziren, baina mirariz sendatu egin nintzen eta… eraldaketa sakona izan nuen neure barnean. Jesukristorekin zeharo liluraturik, haren lurra ezagutu eta bertan bizi nahi izan nuen. Jerusalemerako bidaia ez zen batere erraza orduan. Gainera, Aita Santuari baimena eskatu behar nion Lur Santura joateko.
Bartzelonan ontziratu aurretik, Montserrateko monasterioan gelditu nintzen. Nolako oroitzapenak dakarzkidan Montserrateko Ama Birjinak! Aitortza orokorra egin eta Ama Birjinaren aurrean beila egin ondoren, eskale bati eman nizkion nire kapare-jantziak eta erromesen marrega jantzi nuen.
Zaldun sartu nintzen Montserraten eta erromes atera.
FIN: tonadilla de la marcha de San Ignacio
Ignazio:
Gurasoen logelan gaude orain, nire bi jaiotzen lekuan, hain zuzen ere. Bai, ondo entzun duzu! Logela honetan jaio nintzen 1491n eta etxe honetan jaioberritu nintzen 1521ean. Bai, bai, hogeita hamar urte geroago!
Gela honetan sartzeak hunkitu egiten nau, oso txikia nintzela galdu bainuen ama. Ia ez dut haren oroitzapenik. Maria Garinek, gure errementariaren emazteak, hazi ninduen, beste seme bat bezala. Egibar baserrian bizi ziren, etxe honetatik gertu.
Anaia Martin Magdalena de Araozarekin ezkondu zenean, adinean genuen aldeagatik, bere semea banintz bezala zaindu ninduen koinatak Arévalora joan nintzen arte. Iruñetik ekarri nindutenean, hementxe zegoen hura nire zain.
Esan bezala, logela honetan jaio nintzen Iñigo bezala, hementxe ikusi nuen lehenbiziko aldiz argia. Baina jaiotzean bakarrik ikusten al dugu argia? Jende askok, gertaera traumatiko baten ondoren, barne-aldaketa izaten du, eta halaxe gertatu zitzaidan niri ere.
Susperraldian, barne-prozesu bat izan nuen, eta etorkizuna birpentsatzera eraman ninduen hark. Berriz jaiotzea izan zen: jaioberritzea. 1521ean gauzatu zen erabat aldatu ninduen eta bide berri bati ekiteko indarra eman zidan konbertsioa.
Handik urte batzuetara, 44 urte nituela, beste osasun-arazo larri bat izan nuen, eta hark ekarri ninduen azkenekoz Azpeitira. Etxe honetan geratzea nahi zuen anaiak, baina uko egin nion. Harrituta eta haserre geratu zen anaia, baina Madalenako Ospitalean hartu nuen ostatu, han hartzen baitzituzten gaixoak, behartsuak eta gizartetik baztertuak.
Jainkoaren hitza ereiten aritu nintzen. Anaiak ohartarazi zidan porrot egingo nuela. Zein oker zegoen!
Jende asko hurbildu zitzaidan entzutera. Katekesia ematea gustatzen zitzaidan bereziki. Saiatu nintzen bizioak kentzen eta bizilagunen artean elkarbizitza baketsua sustatzen. Errukia, karitatea eta bertutea bultzatu nituen. Ongintza-sistema bat antolatzeko balioko zuten ordenantzak idatz zitezen ere bultzatu nuen.
Halaxe konpondu nahi izan nuen gazte nintzela nire herritarrei eman nien eredu txar hura.
FIN: tonadilla de la marcha de San Ignacio
Ignazio:
Hau da hau lasaitasuna! Leku honek geure baitan biltzera gonbidatzen gaitu, Jainkoarekiko barne-komunikazioa ezartzera!
Gaztetan ez nintzen Elizaren aginduen oso betetzailea izan. Izan ere, Elizatik urrun samar bizi izan nintzen. Etxekalte izan nintzela esango nuke gaur. Gaztetasunak eta nire leinuaren botereak babesturik sentitzeak egin zuen beste guztia.
Otoizleku honetara etortzen hasi nintzen susperraldian. Zenbat ordu eman nituen hemen! Bakea nahi nuen. Horrekin batera, bizitzaz nuen kontzeptua aldatzen hasi zitzaidan erlijio-irakurketen, otoitzaren, gogoeten eta nire barne-esperientzien esanahia bilatzearen eraginez. Santuak imitatu nahi nituen Jesusenganako maitasunagatik. Penitentzia egiteko ideia nagusitu zitzaidan. Santuak bezala bizi nahi nuen! Haiek egin bazuten, nik ere bai.
Eta aldarea! Ama Birjinari eskainia da eta haren bizitzako bi eszena biltzen ditu: koadroa, Jesusen jaiotzaren Deikundea, eta Pietatearen eskultura, Mariak semearen heriotzagatik duen larrimina ageri duena. Maria! zein garrantzitsua izan zaren nire bizitzan!
Inoiz ez dut ahaztu nire unerik okerrenetan izan nuen Ama Birjinaren agerpena. Beti nire ondoan, lagun eta gidari izan dut bizitza osoan. Haren oinetan ahuspeztu nintzen Jerusalemerako bidean.
Etxeko beste leku sinbolikoetako bat da otoizlekua. Borjako San Frantziskok hementxe eman zuen bere lehen meza.
Borja Alcalán ezagutu nuen. Gazte dotorea zen. Ni, berriz, ikasle gaixo bat, hark baino hogei urte gehiago nituena. Lehenbiziko aldi hartan, gure begiradak gurutzatu baino ez genuen egin. Alargundu ondoren Jesuita sartu zen. Nork esango zidan nire etorkizunean Loiolan biziko zela eta Jesusen Lagundiko jenerala izango zela!
FIN: tonadilla de la marcha de San Ignacio
Ignazio:
Jangelatik pasa gara, eta egongelan gaude orain. Hemen egiten zitzaion harrera jendeari eta noiz edo noiz dibertitu ere egiten ginen, iristen ziren lehen liburuak edo hormetako apaingarriak ikusten, irudiz betetako tapizekin.
Nire etxea zaharberritzeko lanak egin zirenean aurkitu zituzten hemen ditugun apal hauek, liburutegi gisa erabiliko zituztenak. Hain zuzen, nire susperraldian haraxe joan nintzen zerekin entretenitu bilatzera. Zaldun-liburuak irakurri nahi nituen, haiekin zaletu bainintzen Arévalon. Aurkitu nituen liburu guztiak erlijio-gaiei buruzkoak izan ziren, eta Vita Christi eta Santuen kondairak aukeratu nituen. Ederki asko aldatu zuten nire bizitza bi obra haiek!
Armarri bat! Leinu bat! Egongela hau! Lurreko boterearen sinboloak! Hau guztia utzi egin nuen, eta hilkorra ez zen Jaun bati agindu nion leialtasuna.
Laster ohartu nintzen ikasi egin behar nuela jendeari lagundu nahi banion. Hala, ibilbide akademiko luze bati ekin nion eta, Bartzelonan, Alcalá de Henaresen eta Salamancan egon ondoren, Parisera joan nintzen. 37 urterekin iritsi nintzen Parisera. 250.000 biztanle eta 4.000 ikasle baino gehiagoko hiria. Prestakuntza-ikastaro bat egin behar izan nuen, derrigorrezkoa, eta 10 urteko umeak ziren nire ikaskideak. Udetan Flandriako eta Londresko lurralde aberatsetan biltzen nuen limosnarekin ordaindu nituen ikasketak.
Zein apetatsua den patua! Nire obra ez zen honelako egongela batean hasi, Parisen bizi nintzen eskolako gela batean baizik. Frantzisko Xabierkoa eta Pedro Fabro nire gelakideekin nuen adiskidetasuna beste ikaskide batzuengana zabaldu zen. Zazpi laguneko taldea osatu genuen; Jainkoaren zerbitzura pobrezian bizi nahi genuen. Gure asmoa zen Jerusalemen bizitzea, Jesusen lurraldean. Baina gizonak asma, Jainkoak xeda! Ez nintzen inoiz Jerusalemera itzuli! Jainkoak beste bide bat zeukan niretzat!
FIN: tonadilla de la marcha de San Ignacio
Ignazio:
Etxe honen bihotzean gaude! Hementxe gertatu zen nire konbertsioa!
Leku hau asko aldatu da egun haietatik. Solairu honetako logela batean jarri ninduten. Zorigaiztoko amaiera espero zuten. Hankako hezurrak gaizki lotu ziren. Medikuak saiatu ziren oinazea arintzen eta hankako zauria sendatzen. Ez nintzen inoiz kexatu! Ebakuntza oso mingarriak egin zizkidaten. Hala ere, herren geratu nintzen bizitza osorako.
Egunez eta gauez, eldarnioak izaten nituen, izugarrizko sufrimendua. Nolako min fisikoa! Egun batean, laster hilko nintzela iragarri zuten medikuek, baina ez asmatzea nahi izan zuen Jainkoak…
Luzea eta neketsua izan zen eriondoa. Laster hasi nintzen pentsatzen zer etorkizun izango nuen. Herrentasunak ez zidan utziko nire aurreko bizitzarekin jarraitzen! Zer egin behar nuen?
Lorik egin ezin nuen gau haietan, nire logelako leihora hurbiltzea gustatzen zitzaidan izarrak ikusteko. Orduak eta orduak ematen nituen haien distirari begira.
Egunez, irakurtzen pasatzen nuen denbora. Kristoren eta Santuen bizitzari eskainitako ordu luze haiek egonezina eragiten zidaten barruan. Nire izaera, sutsua berez, nire aurreko bizitza gorrotatzen hasi zen. Ez nuen ulertzen zer gertatzen ari zitzaidan! Harik eta konturatu nintzen arte Jainkoa zela nire barrutik hitz egiten zidana. Orduantxe gertatu zen, pixkanaka-pixkanaka, nire konbertsioa. Jesusen banderari jarraitzeko erabakia hartu nuen, eta huraxe izango zen nire Jaun bakarra. Santuetan ikusten nuen adibideak adorea eman zidan haien bideari jarraitzeko.
Une jakin hori jasotzen du, hain zuzen ere, kaperan ageri den eskulturak. Etzanda ageri naiz, hanka zauritua eta bendatua, garaiko kapare gisa jantzia. Etenaldi bat egin dut nire irakurketan. Irakurtzen ari nintzen liburua dut irekia esku batean, eta ondoan, beste liburua, itxia. Zerura begira dut aurpegia, Jesusen deia entzungo banu bezala, eta gauza guztietan hari jarraitzeko asmoa. Nire konbertsioaren unea da. Halaxe gogorarazten du habean zizelkatutako esaldiak: “Hemen jainkoaganatu zen Iñigo Loiolako”. Hala da, hori da egia. Hementxe hasi zen dena!
FIN: tonadilla de la marcha de San Ignacio
Ignazio:
Anaia Martini nire benetako asmoen berri eman gabe utzi nuen Loiola. Hark ez zuen nahi nik gorteko bizitza uztea, eta horregatik esan nion Naiarako Dukea, nire lehengo jauna, ikustera eta gauza batzuk konpontzera nindoala.
Arantzazun egin nuen lehen geldialdia, eta han, Ama Birjinaren aurrean, kastitate-botoa eman nuen. Handik, Montserratera joan nintzen, eta aitortza orokorra egin nuen han. Bartzelonan ontziratzeko bidean, Manresan gelditu nintzen. Han egun gutxi batzuk emateko asmoa nuen, baina egun gutxi haiek urtebete bihurtu ziren.
Pobre eta eskale gisa bizi nintzen, hiri hartako jende onak hartua. Maiz erretiratzen nintzen hiriaren kanpoaldean zegoen haitzulo batera eta han ordu luzeak ematen nituen otoitzean. Oso une zailak eta ilunak bizi izan nituen, baina Jainkoaren graziari esker atera ahal izan nintzen guztietatik.
Oso gogoan dut egun batean, han atzetik igarotzen zen Cardoner ibaiari begira nengoela, beste modu batean ikusi nituela gauza guztiak. Horrek bake eta segurtasun handia eman zidan etorkizunerako. Ordura arte jaso nuena besteentzat lagungarria izan zitekeela pentsatu nuen, eta nire esperientziak idatziz jartzen hasi nintzen. Oharren koaderno huraxe da Gogo Jardunak eskuliburuaren jatorria, pertsonek Jainkoaren borondatea engainurik gabe aurki dezaten laguntzen duten praktiken eta aholkuen eskuliburua.
Lagun handiak egin nituen Manresan, asko lagundu zidaten gizonak eta emakumeak. Agur esan eta nire bideari jarraitu nion Lurralde Santuraino, baina ez zidaten han gelditzen utzi. Itzultzean, hezibidea hartzeko asmo sendoarekin, Bartzelonatik, Alcalá de Henaresetik eta Salamancatik pasa nintzen eta Parisera iritsi nintzen. Ikasketak amaitu ondoren, lehen aipatu dudan ikaskide-taldearekin batera, Veneziara iritsi ginen, Jerusalemera joateko asmoz. Pobrezian bizi nahi genuen, eta Jainkoa zerbitzatu Jesusen lurraldean. Ontziratzeko zain geundela, apaiztu egin ninduten. Urte bortitzak ziren haiek: Mediterraneoan Turkiako Inperioaren kontrako gerra zegoen. Europan gerra politikoak eta erlijio-gerrak, izurriteak… horiek guztiek ezinezko bihurtu zuten gure ametsa. Horregatik erabaki genuen Aita Santuaren zerbitzura jartzea.
Bidean, sentimendu espiritual asko sentitu nituen. Garrantzitsuena izan zen Stortako kaperan sentitu nuena, Erromatik gertu. Kaperan otoitz egiten ari nintzela, agerpen bat izan nuen. Aita Jainkoak Jesusi hitz egin zion, hark gurutzea zeramala, eta ni bere zerbitzaritzat hartzeko eskatu zion. Jesus jiratu egin zen eta esan zidan:
Jesus:
Zuk gu zerbitzatzea nahi dut.
Ignazio:
Kaperatik ateratzean, nire bidaia-lagunei esan nien ez nekiela zer aurkituko genuen Erroman, baina Jesusi amaiera arte jarraitzeko asmoa betetzeko bidean geundela.
Handik urte batzuetara, Pablo III.a Aita Santuak erlijio-ordena berri gisa onartu zuen gure lagun-taldea, Jesusen Lagundia. Hasiera-hasieratik, Aita Santuaren eskaerei eta Elizaren beharrei erantzunez, mundu osoan zehar zabaltzen hasi ginen.
Nire lagunek nagusi aukeratu ninduten eta Erroman geratu behar izan nuen, idazten eta Jesusen Lagundiari forma ematen. Ia ez nintzen handik atera, eta, azkenean Jainkoa aurrez aurre aurkitu nuen 1556ko uztailaren 31n.
FIN: tonadilla de la marcha de San Ignacio
Ignazio:
Iritsi gara nire etxera egindako bisitaren amaierara. Hemendik aurrera ez duzu nire ahotsa entzungo, baina zure ondoan jarraituko dut.
Ikusiko duzunez, etxe honetan hasi nuen bideak aurrera jarraitzen du, eta, esan dizudan bezala, zure ondoan jarraitu nahi nuke. Elkarrekin utzi dugu nire jaiotetxea, eta korridorean barrena Loiolako santutegiko aretoetan sartu gara.
Jarraian, erakusketa bisita dezakezu, nire bizitza irudikatzen duten artelanak, objektuak eta panelak. Eta nire bizitzaren berri baduzunez, erraz ezagutuko dituzu orain arte kontatu dizkizudan pasarteetako asko.
Erakusketa honek, nire historiaz gain, nola ez, Jesusen Lagundiaren historia ere kontatzen du, 1540an sortu zena. Kolaboratzaile bikainekin batera egin nuen lan hori, eta haiek lagundu zidaten mundu osoan dagoen gizonezkoen erlijio-ordena hori finkatzen, besteen zerbitzura betiere.
Hara zertan bihurtu den gaur, egun batean 10 lagunek hasi genuena!!
FIN: tonadilla de la marcha de San Ignacio